木曜日, 3月 10, 0023

Hausterre

Hausterre

Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai, hauts hartatikan uste gabean noizpait ginaden gu ernai’, kantatzen zuen Xabier Letek, gure bizitzako nekeak eta lihoaren penak zentzu kosmiko batean ardaztuz. Jaio ginen hautsa bilakatu zelako bizigai. Katolikoek hausterre eguna dute gaur, eta liturgiak duen errito ederrenetako bat berrituko dute elizetan, tokian tokiko apaizak errauts pixka bat jarriko du eliztarren kopetan, bizitzaren misterio kosmikoa gogoraturik: ‘hauts haiz eta hauts bilakatuko haiz’.
Hautsa, gure baitako sekretuen gordailu: etxeko sua etxeko hautsez estali behar omen da. Iragana ahaztu nahi zela adierazteko, sandalietako hautsa astintzen zuten plaza publikoan… Hautsa pilatzen da abandonatzen diren eremuetan, ganbaran, memorian, sentimenduetan… Bihotza hausten zaigunean, hauts-i edo hauts bihurtu zaigulako da.
Hautsa, jaiotzaren sinboloa; hautsa, heriotzarena ere.

Hitz beste

Anjel Lertxundi Esnal, 2011ko martxoaren 10ean, BERRIAn.



0 件のコメント: