水曜日, 11月 10, 0022

gaua ez-tokian

Pariseko karrika haietan barna ibili ginenetik hona, malko ixuria etortzen zait irriaren-irriz auto bat atzetik jarraiki dudala konturatzerakoan. Denboraren joanean ametsak hertsiki nola saltzen ditugun eta menturaz itzali, han behinola sortu zitzaigun grina hura:
txerri, urde, itxiso alenak, eta ez bestenak!
diotso emakume batek lehiotik, karrikan txortan ari diren biri.
Handik ezkerraldera sorgina bailitz soslai
inoiz sinistu ez duen emakume gogo ezkutua aurkitu duen andereñoa, bai.
Umeak giltzapetik kaxolara eta azken mutila pikutara bidali ostetik, bai badakiela nola aurre egin gauak dituen pizgarri guztiei...
Hortan topatu nuen asteazken gau txepel hura: gogorik gabe, eguneroko beharrak begi estua are estuago eskaini eta lurreraino arrastaka eraman nauen gaua,
urdin iluna.
Ahots txikian esango dizuet, ez dakidala gauzatuko denentz txotxongilo japoniar itxurako antzerki ttipi, baxu, estu, luzatu eta gorrixta hau,
inork kakaztuko ez duelako esperantzan: 
ederki asko garbitu ondotik entzungorrarena egin.
Odola su-bizi.
Begiak itzalarazi ditut deika ari natzaion mutikoa jada atarian dagoela ohartzean.
Inbiriak jota dago ezin duelako mahats-biltzen aritu zapatu goizean ez delako joango, indarrak beste aldi baterako gordeko ditu-eta.
Konpromezurik ez ote duen ari da pentsatzen, eta oporretako argazki usain bereziduna atera du sakelatik: zinezko harrapaladan mugikorra lurrera erori da hamaika zatitxo ezerezean bihurtuz.
Ez-tokian.
Ez da lehen aldia hau bera gertatzen zaiona, batez ere, bidegurutze autoz beteriko horietan, putzuek grisaren alaba ahaztuak diruditen iskinetan. 
Hamaika zatitxoak kamioi txiki batek gurpilpean hartu ditu eta harat-honat darabiltza puskak andana handi bat bihurtzeraino.
Hori gauza, hori! -esango duzue.
Baina ziur naiz ez duzuela halako parada beltzik izan, eta izan baduzue, ongi baino hobeki ulertuko duzue ezdeusaren hurrengo bizi-atal hori.
Hori da uneotan gauak daraman ibilbidea, gogoa irrifar ergel batekin alaitzen ez badut, bederen.
Pentsa dezadan apur batez
itsas-indarrean,
mahastietan,
gustura etzango nintzatekeen larre horietan,
besarkatu beharko dut ihintza biluzia bailitz, maitea.

 by Santos

0 件のコメント: