火曜日, 5月 30, 0018

el arroz y sus extraños genes

Arrozak, gene arrotzak
Polemikaren zurrunbiloa eragin du AEBetako bioteknologia konpainia batek giza geneak dituen arroza sortu duela jakiteak; arroza probatzen hasiak dira, ordea, haur txikiekin.
arantxa iraola
Iritzi kontrajarriak sortu ditu Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) bioteknologia enpresa txiki batek. Ventria Biosciences's izena du, eta 16 langile baino ez ditu. Baina tinko ari dira. Transgenikoen alorrean diharduten enpresek orain arte inoiz egin gabeko urratsa egin dute; giza geneak erantsi dizkiote landare bati. Modu horretan, giza ezaugarriak dituen arroz transgeniko klase bat sortu dute ; amaren esnean, malkoetan eta listuan agertzen diren proteinak Ðlaktoferrina eta lisozimaÐ ageri dira arroz horretan ere. Beherakoa sendatzen laguntzeko aski erabilgarria dela diote. Perun dagoeneko egin dute proba egiteko ikerketa bat, haur txikiekin eta, antza, emaitza onak eman ditu.
Haur asko hiltzen dira munduan beherakoen ondorioz, urtean bi milioi edo, bereziki herrialde behartsuetan. Diotenez, horiengan pentsatuz egin dute arroz transgenikoa. Jakina da amaren esnea hartzen duten umeen artean txikiagoa izaten dela beherakoak izateko arriskua, eta horregatik sortu dute amaren esnearen ezaugarriak dituen arroz transgenikoa.
Izadia kopiatu nahi izan dute. Eta eraldatu. Beren nahierara. Eta gustura daude emaitzarekin. «Pentsatzen dugu haurrak berriro hidratatzeko sistema honek beherakoa duten haurren osasuna hobetzen lagunduko duela; amaren esnea hartzen ez duten umeentzat izango da, bereziki, mesedegarria», azaldu du Ventriako presidente Scott Deeterrek.
Nolanahi ere, genetikan aditu diren ikertzaileen arabera, lorpenak, berez, ez du garrantzi handirik. Lehendik ere eginda daude hainbat ekoizpen transgeniko, eta, diotenez, eraldaketa giza geneak erabiltzen egiteak ez du zailtasun berezirik.
KRITIKA GOGORRAK. Hilabete honetan plazaratu dituzte arrozarekin egindako ikerketaren nondik norakoak Ventriako kideek, San Frantziskon. Lorpenaren berri ematearekin batera, kritikak jaso dituzte.
Transgenikoak sortzeko garaian giza generik ez erabiltzeko akordioa zuten orain arte bioteknologia enpresek,eta haserretu egin dira Ventriako kideekin. «Haiek alde egitea nahi dugu. Konpainia txiki horrek arazoak baino ez ditu ekarriko», eman du aditzera Ameriketako Estatu Batuetako Arroz Ekoizleen Elkarteko ordezkari Bob Papanosek.
Haserrea eragin dute nekazarien eta talde ekologisten artean ere. Ipar Karolinan ditu soroak Ventriak, eta hango zenbait taldek ezinegona erakutsi dute. «Haien jardunarekin uzta tradizionalak kutsatzeko arriskua oso handia da. Oso negozio arriskutsua da», salatu du, esate baterako, Ipar Karolinako ETC talde ekologistako ordezkari Hope Shandek. Izan ere, aire zabalean hazten dute arroz transgenikoa Ventriako kideek, eta, airearen bidez, hazien arteko kutsatzea erraz ÐerrazegiÐ gerta daitekeela pentsatzen dute kritikoek .
«ISTRIPUEN» BELDURRA. Greenpeace talde ekologistak ere arriskuaz ohartarazi du. «Horrelakoetan istripuak gertatzen dira beti. Gertatu dira dagoeneko», eman du aditzera talde ekologistako aholkulari Doreen Stanbinskyk. Eta frogak dituzte. Soro transgenikoetako hazi eta aztarnak behin baino gehiagotan atzeman dituzte eraldatu gabeko uztetan. Eta horrek ekar ditzakeen ondorioen inguruan dudak daude.
Ventriako arduradunen arabera, ordea, ez dago arriskurik. Segurtasun neurri guztiak taxuz betetzen dituztela diote. Arroza, gainera, «autopolinizatu» egiten den landarea dela ekarri dute gogora, eta ondorioz, benetan zaila dela uzta horretako haziak beste uzta batzuetakoekin nahastea.
############
nelly zavaleta NUTRIZIONISTA PERUKO HAURREN OSASUNERAKO INSTITUTUAN
«Niri hau teknologia giza osasunerako erabiltzea iruditzen zait»
a.I
Nelly Zavaleta nutrizionistak ondo ezagutzen du giza geneekin horniturik Ventria Bioscience enpresak sortu duen arroza. Peruko Haurren Osasunerako Institutuan dihardu, eta elikagai transgeniko horrekin esperimentu bat zuzendu du, zer moduzkoa den jakiteko.
Ventria enpresak sortu duen arrozarekin ikerketa bat egin duzue. Zer-nolako produktua da?
Argitu behar da kasu honetan beherakoa duen jendea hidratatzeko erabiltzen diren gatzei erantsi zaizkiela giza proteinak, ez arrozari, arroza garraiobide moduan erabili dugu, sortu nahi ziren giza proteinak sortzeko garraiobide bat izan da. Laktoferrina eta lisozima proteinak eranstea izan da helburua, amaren esnean egon ohi diren pareko kontzentraziotan, gainera.
Zer-nolako ikerketa egin duzue arroz transgeniko horrekin?
Beherakoak jotako 140 umerekin erabili genuen, Lima eta Trujilloko hainbat erietxetan. 4-36 hilabete arteko haurrak ziren denak, 72 ordu baino gutxiago zeramatenak beherakoak jota, eta deshidratatzen hasitakoak. Arroza eman, gertuko jarraipena egin, eta ohiko tratamendua jaso zuten hainbat umerekin alderatu genituen.
Eta nolako emaitzak eman zituen arroz transgenikoak?
Arroz hau hartu zuten haurren artean nabarmen murriztu zen beherakoaren iraupena, %30ean edo. Aintzakotzat hartzeko moduko datua da.
Arroz hau botika da? Edo elikagaia?
Guk elikagai gisa erabili dugu.
Transgenikoen inguruan duda handiak daude oraindik. Nutrizionista zara zu, etorkizuneko elikaduraren gakoa izango direla pentsatzen duzu?
Genetikan ez naiz aditua, baina argi dago zientziak onura handiak ekar ditzakeela. Osasunarentzat onuragarria den proteina bat atzeman eta isolatzea lortzen bada, eta horrekin elikagaiak hornitzen badira, niri hau teknologia giza osasunerako erabiltzea iruditzen zait .
Eta arriskurik ez diozu ikusten?
Ez, benetan. Nazioarteko araudi guztiak bete dira proteina horiek ekoizteko orduan, eta arroza garraiobide gisa erabiltzen da, besterik ez.
Beherakoak jotako haurrentzat bakarrik da arroz hori?
Guk haurrekin probatu dugu, baina beherakoak jotako edozein pertsonarentzat izan daiteke baliagarria. Ikertzen jarraitu behar da. Baina, tira, nire ustez, beherakoak saihesteko elikagai gisa ere egokia izan daiteke, prebentziorako.
############

0 件のコメント: